logos

Donostia-Miarritz korridore ekologikoa


Oceana Elkarteak eta Euskal Autonomia Erkidegoko Biologoen Elkarte Ofizialak Donostiatik Miarritzera bitarteko itsas eremua babesteko proposamena egin diote Eusko Jaurlaritzari eta Espainiako Gobernuari.


Babesteko proposatutako eremuak itsasoko 27.305 hektarea inguru hartuko lituzke, Ulia eta Jaizkibel mendien 13.000 hektarea inguru, honela, Europar Atlantikoko korridore ekologiko anitzenetako eta garrantzitsuenetariko bat osatuko litzateke. 35 kilometrotako zonalde honetan, babestutako berrogeita hamar espezie inguru eta nazioarte mailan interes handia duten dozena bat komunitate zein habitat aurkitzen dira.

Eremua hau Natura 2000 sarea izendatzeko prozesuan ekarpen oso garrantzitsua izango litzateke Euskal Herriko itsas ingurunearentzat. Izan ere, Biologoen Elkarteak adierazi duenez, Natura 2000 itsas sareak ez du ordezkaririk Hego Euskal Herrian. Arrezifeak edo itsas azpiko kobak bezalako habitatak babesteko lekurik ez da oraindik izendatu, ezta izurde handia edo itsas lanproia bezalako espezieak babesteko ere. Biologoen Elkarteko ordezkarien hitzetan, Jaizkibel eta Ulia inguruko itsas eremua babesteak gabezia horiek zuzenduko lituzke.

Babesgune izendatzeko irizpide hauek guztiak txosten batean bildu dituzte bi elkarteek eta aurki Eusko Jaurlaritzan eta Espainiako Ingurumen Ministerioan aurkeztuko dituzte.