logos

Lezoko eskolek Eskolako Agenda 21en foroa antolatu dute


eskola lezoLezoko Eskolako Agenda 21en baitan eskola komunitateak energiaren gaia landu du ikasturte honetan Izadi 21 (Inguru 21, S.L.) enpresaren laguntzarekin. Dagoeneko eskola garaia amaitzen ari denez, Lezoko Herri Eskolako eta Lezoko Institutuko ikasleek urtean zehar egin dutenaren berri emateko eskolarteko foro bat ospatu zuten maiatzaren 18an, Lezoko Gezala Auditoriumean. Txiki eta handi, orotara 60 bat ikaslek parte hartu zuten Eskolako Agenda 21en foro honetan.

Mailaz maila, Herri Eskola eta Lezo Institutuko ikasleek 2009/2010 ikasturtean egin dituzten, azterketak, tailerrak, kale ikerketak, hausnarketak, eta beste hamaika kontu azaldu dizkiote elkarri. Besteak beste, lehen hezkuntzako 1. mailako ikasleek eskolako argiak aztertu dituzte eta orokorrean, behar ez dituztenean ia beti itzali egiten dituztela ondorioztatu dute. LHko 3. mailakoak, berriz, berokuntza sistemari erreparatu diote, eta eguraldi beroarekin, leihoak ireki beharrean berogailuak itzaltzea onuragarriagoa dela ikasi dute.

Bigarren Hezkuntzako ikasleek ere eskolako eta etxeko kontsumo ohiturak aztertu dituzte Aztarna Ekologikoaren kontzeptua erabiliz. Termino honek, norberaren edo gizarte talde jakin baten kontsumo ohiturak aztertu eta eskuragarri ditugun natur baliabideekin parekatzen ditu. Horrela, esate baterako, planeta osoko biztanleek gipuzkoarron kontsumo maila bera izango balute 3,5 planeta inguru beharko genituzke bizirauteko, eta hori, logikoa denez, ezinezkoa da.

Ekainaren 15ean, Herri Eskolako eta Lezo Institutuko ikasleak berriro elkartuko dira, oraingoan, ordea, Udaletxeko ordezkariekin biltzeko. Udala eta eskolen arteko foro honetan, ikasleek ikasturteko lanaren emaitzak eta energiaren gaian etengabeko hobekuntzarako eskola komunitateak hartutako konpromisoa aurkeztuko dizkiote udal ordezkariei. Era berean, herri mailan ikasleek aurkitutako beharrei erantzuna eman eta Lezo iraunkortasun energetikorantz pausuak eman ditzan, Udalari zenbait eskaera eta proposamen luzatuko dizkiote.  

Era honetan, urtez urte, eskola komunitatea eta Udala, eskutik helduta garapen iraunkorraren bidean aurrera pausu nabarmenak ematen ari dira.