logos

Urak Adunako ikasle eta udal ordezkariak elkartu ditu


aduna

Martxoaren 6ean, Adunako kultura aretoan, Eskolako Agenda 21 hezkuntza programaren inguruko ikasturte amaierako saioa ospatu zen. Bertan, Adunako herri-eskolako ikasleek ikasturte honetan zehar ura natur baliabideari buruz ikasitakoa azaldu zieten Adunako Udaleko Alkate andereari, Hirigintza eta Ingurumen zinegotziari, eta Ingurumena eta Agenda 21en teknikariari.

Jarraian laburbiltzen dira ikasleek 2009-2010 ikasturtean zehar aurrera eraman dituzten jarduera nagusiak:

  • Eskola zentroan egiten den urari buruzko azterketa, hobetu daitezkeen alderdiak antzemateko.
  • Herriko uraren inguruko kale-ikerketa aurrera eramatea, herrian natur baliabide honen inguruan egiten diren erabilerak eta urari lotutako ekosistema ezberdinak ezagutzeko (errekak, etab.).
  • Eskolan bertan eskola komunitatea osatzen duten eragileen artean urari buruzko sentsibilizazioa lantzeko, Txoko Berdea izeneko komunikaziorako gunea indartzea (urari lotutako galdera-erantzunen lehiaketa, …).
  • Uraren zikloa ezagutu eta urari lotutako ekosistema ezberdinak aztertzeko herritik kanpora irteera ezberdinak antolatzea (Askizura, Leitzarango uraren interpretazio zentrora eta Ibaiederreko araztegira).
  • Etxean ura aurrezteko eta zentzuz erabiltzeko aholkuen orriak eta marrazkiak lantzea.
  • Udaletik antolatutako urari buruzko sentsibilizazio ekintzetan parte hartzea (Erreka Eguna, etab.).

 
Aurkezpen hori egin ostean, ikasturtean landutakoa abiapuntutzat hartuz, ikasleek udal ordezkariei atera dituzten ondorioak eta eskola bezala bere gain hartuko dituzten konpromisoak deskribatu zizkieten. Azkenik, kale ikerketaren ondorioz herri mailan antzemandako uraren inguruko hutsuneak ere ezagutzera eman zituzten, udal ordezkariei zenbait proposamen plazaratuz (Udalak proposamen horiei idatziz erantzungo die).

Bukatzeko, aipatu behar da Eskolako Agenda 21en egitasmoan orotara 50 ikaslek parte hartzen dutela, eta horiekin batera, gurasoek, irakasleek eta udaleko hainbat langilek ere bai. Adunako herri-eskolak, Tolosaldeko beste udalerrietako eskola zentroekin batera, 2007-2008 ikasturteaz geroztik parte hartzen du Eskolako Agenda 21en.