Bergarako Udalak Klima eta Energiari buruzko Tokiko Plana osatzeko lanak esleitu dizkigu. Horretarako, Bergara 2030 Bizi Energia prozesua abiatu dugu.

Bi ildo nagusi izango ditu Planak: klima-aldaketaren arintzearen alorra alde batetik, eta klima-aldaketari egokitzea bestetik. Ekintza-plana osatzeko, honako sektoreak hartuko dira aintzat:

  • Klima-aldaketa arintzeko alorrean (energiari lotuta): udala, etxebizitzak, zerbitzuak, mugikortasuna eta garraioa, hondakinak eta industria.
  • Klima-aldaketara egokitzeko alorrean lurraldearen erresilientzia eta arriskuen kudeaketarekin lotuta: natura-ingurunea, hiri-ingurunea eta azpiegiturak, jarduerak, osasuna eta babes zibila.

Hamar hilabetetan burutuko dugun proiektu hau lau fasetan garatuko dugu:

  1. Diagnosi fasea.
  2.  Estrategiaren formulazioa fasea.
  3. Ekintza-planaren osaketa fasea.
  4. Ebaluaziorako eta jarraipenerako estrategia diseinatzeko fasea.

Prozesu honetan herritarrekin zein herri-eragileekin partaidetza saio ezberdinak antolatzeaz gain, Bergarako Klimaren eta Energiaren hamabostaldia ere antolatuko dugu.

Honekin guztiarekin Bergarako Udalaren helburua da, 2030. urterako berotegi efektuko gasen isurketak %40 murriztea, Europan jarritako helburuarekin bat eginez. Era berean, klima-aldaketaren murrizketa eta egokitzapena bultzatzeko ikuspegi partekatu bat hartzeko ekintzak definitzea, eta klima-gobernantzan aurrerapausoak ematea ezinbestekotzat jotzen du. Izan ere, Udalak argi du mundu mailako klima-larrialdiari erantzuteko beharrezkoa dela herrietan ere neurriak hartzea.