Iraunkortasunerako Eskolako Agenda 2030 hezkuntza-programan parte hartzen duen Lezo Institutuko ekoordezkariak udalbatza-aretoan elkartu dira Lezoko Udaleko ordezkariekin ikasturtean zehar energia eta hondakinen arloan egin duten lanketa aurkezteko. Ikasturte honetako gaia energia bazen ere, ikasleek institutuko hondakinen gaia ere jorratu dute eta beste hainbat ekimen burutu dituzte:

  • Ekoordezkariak izendatu dituzte institutuko maila guztietan aurrerantzean Lezo Institutuko EA2030en barne-egitura ondo finkatuta izateko.
  • Ikastetxeko eraikin-barruko eta patioko hondakinen azterketa egin dute, besteak beste, zer hondakin sortu eta ondoren birziklatzeko gaika ondo bereizten duten ezagutzeko.
  • Ikastetxeko energia-arloko ikerketa egin dute.
  • Herriko kale-argiteriaren egoera ezagutzeko herriko azterketa burutu dute.
  • Aurreko ikasturtean abiatutako ekimenari jarraituz, aurten ere lau zuhaitz espezie landatu dituzte Udaleko lorazaintza zerbitzuko langileen laguntzarekin.

Energiaren zein hondakinen arloan egindako institutuko diagnosiaren eta herriko kale-argiteriaren diagnosiaren ondorioak Udaleko ingurumen-teknikariari eta ingurumeneko zinegotziari aurkezteaz gain, ekoordezkariek ikasleek hartuko dituzten konpromisoak eta hauek nola burutuko dituzten azaldu diete Leire Beteta Merino ingurumen-teknikariari eta José Ángel Sánchez Gallardo ingurumeneko zinegotziari. 

Ikasturte honetan diagnosi fasea landu duten arren, ikasturtean zehar egindako lanketaren ondorio diren eskaerak batzuk ere aurkeztu dizkiote Udalari:

  1. Eguzki plakak jartzea udal-eraikinetan. Adibidez: Kiroldegian, Eskolan, Futbol zelaian, Udaletxearen lursail hutsetan, egiten dituzten etxe berrietan.
  2. Herritarrei dirulaguntzak ematea beraien etxebizitzetan plakak jartzeko. Eusko Jaurlaritzarenak direnen berri eman eta Lezoko udaletxetik lerro bat sortu.
  3. Farola hautsi guztiak LED motako farolekin ordezkatzea.
  4. Puntu arriskutsu eta isolatuetan sentsoreekin eta eguzki-plakekin funtzionatzen duten farolak jartzea. Puntu ilun posibleak:

    – Herriondo bailaran
    – Iturrialden
    – Pisben
    – Algeposa inguratzen duen bidean.

  5. Herri eskola eta kiroldegi inguruko errekako hormigoizko “barandilla” handitu eta hobetu.

Lezo Institutuak, Oarsoaldea eskualdeko beste hainbat ikastetxerekin batera, Eskolako Agenda 2030en parte hartu du ikasturte honetan ere. Programa honen bidez 2015 urtean mundu mailan onartu ziren Garapen Jasangarrirako Helburuak beraienak egin eta ikastetxeko egoerara moldatu dituzte, hezkuntzaren arlotik ere garapen iraunkorraren alde asko egin dezaketela uste dutelako. Izan ere, Lezo Institutuak 15 urte daramatza ikastetxe mailan garapen iraunkorraren aldeko hezkuntza-programa honetan murgilduta.

Horrela, ikasturte honetan, Garapen Iraunkorrerako 7. Helburua (“Energia eskuragarri eta ez kutsakorra”) hartu dute oinarri.

Ekoordezkariek jakinarazi dute datorren ikasturtean ENERGIAren gaiarekin jarraituko dutela, baina, batez ere, eskuhartze-plana diseinatzeko lanetan arituko direla.